Erakusketaren babeslea:

Sarrerak erosi

Menua

Bideoa ez ikusi

Erakusketaren babeslea:

Ba al zenekien?

 

 

Basquiat jantzia zen: haren lana grafititik haratago doa eta, bere buruaren errealizazioa gauzatzeko tresna bazen ere, afrikar-amerikarren historia gogora ekartzeko eta AEBko gizartearen eta politikaren egoera salatzeko baliabidea ere izan zen. Mihiseen gainazalean margotutako, marraztutako zein idatzitako hainbat kultur erreferentzia eta ikur daude.

Gazte, 27 urte baino ez zituela, zendu zen Basquiat, eta ordura arte gogotik bizi izan zen. New Yorkeko arte-giroan eta goi-mailako gizartean murgildu zen, batez ere, 1980ko hamarkadan, eta hainbat artistekin harreman profesional eta pertsonala izan zuen, hala nola, Keith Haringekin (Reading, Pennsylvania, 1958–New York, 1990) eta Andy Warholekin (Pittsburgh, 1928–New York, 1987).

Testuinguru soziopolitikoa

Jean-Michel Basquiat New Yorken jaio zen, baina familia jatorriz Haitikoa eta Puerto Ricokoa zuen. Haren artelanek geruza asko eta asko dituzte, eta gaur egun oraindik ere munta duten gaiak jorratzen dituzte; arrazakeria salatzen eta eskubide zibilak aldarrikatzen dituzte, besteak beste.

Interes handia izan zuen afrikar-amerikarren historian. Askotariko gaiak landu zituen: XVII. menderako finkatuta zegoen esklaboen salerosketa eta esklabotza, XX. mendeko lehen erdialdean AEBko hegoaldeko estatuetatik iparraldeko estatu eta hirietara (New Yorkera eta Chicagora, kasu) egondako beltzen migrazio handia, arrazakeria eta segregazioa, beltzen eskubide zibilen aldeko aldarrikapena (Martin Luther King Jr. buru) eta abar. 1963ko abuztuaren 28an Washington-en egindako martxan Luther Kingek “I Have a Dream” (Badut amets bat) hitzaldi enblematikoa eman zuen. Hitzaldiaren zati bat entzungai dago 305. aretoan.

“Black Power” izendapenaren pean bil daitezkeen mugimenduak 1960ko hamarkadaren amaieratik 1980eko hamarkadara bitartean beltzen batasunaren alde eta zuriekin nahasketaren aurka agertu ziren. Basquiatek ideia horien alde agertu zen eta agintarien botere-abusua salatu zuen haren lanetan, are poliziaren bortizkeria irudikatu ere, esaterako, Michael Stewart-en heriotza (1983) lanean. Horrez gain, kultur eta kirol arloetako beltzen leku gailena nabarmendu zuen; baita pertsonaia horiek goretsi ere, heroi moduan irudikatu baitzituen.

Martin Luther King artzain protestanteak
Washingtonen bildutako jendetza agurtzen du, 1963ko abuztuaren 28an.
Getty Images. New York Daily News Archive.

Grafitiaren historia

Basquiat gazte-gaztea zela hasi zuen arte-ibilbidea New Yorken. Lagun Al Diazekin batera grafiti kontzeptualak egiten zituen New Yorketik, SAMO izenpean.

“Grafiti” hitzak, gaur egun, kalean edo gune publiko batean, batez ere hiri- ingurunean, egindako idazkun edo marrazkiari esateko erabiltzen da. Hala ere, antzinarotik idatzi zein marraztu izan du gizakiak gune publikoetan: jadanik Erromatar Inperioan ohikoak ziren zerbait salatzeko, kritikatzeko zein satirak egiteko idazkunak erraz ikusten ziren tokietan. Gaur egun, oraindik ere, horrelako idazkunak —askotan anonimoak direnak— ohikoak dira eta askotariko xedeak bete ditzakete.

New Yorken, 1971 eta 1974 artean, hip hop kulturari lotutako grafitiak agertu ziren: lehenengo Washington Heights inguruan (TAKI 183) eta geroago Brooklynen (Friendly Freddie) eta Bronxen (Super-Kool 223 eta Lee 163). New York handia izanik ere, metroa grafitiak egiteko eta hiriko grafitigileak harremanetan jartzeko bide bikaina izan zen. Egilearen ezaugarri ziren hizkien tamaina eta lodiera, tipografia, estiloa, izena bera, irudi jakin bat zein esprai-pintura jakin bat. Hurrengo urteetan agintariek grafitiak egitea debekatu bazuten ere, ez zuten idazkun kopurua murriztea lortu, inondik inora. Metroan grafiti ugari egiten jarraitu zuten.

Artista batzuek beste aukera batzuk bilatu zituzten haien artea erakusteko, tartean, Futura 2000-k (New York, 1955). 1970eko hamarkadaren amaieran Lee Quiñones-ek (Ponce, Puerto Rico, 1960) eta Fab 5 Freddie-k (New York, 1959) erakusketak egin zituzten Erroman eta 1980ko hamarkadan New Yorken, besteak beste, Patti Astor-en Fun Gallery-n.

Grafitiekin batera bestelako adierazpenak egin zituzten gune publikoetan eta metroan, esaterako, Keith Haring-ek —artista eta Basquiaten laguna zen— marrazkiak eta posterrak egiten zituen. Biak ibiltzen ziren kalean, haien aztarna artistikoa uzten, idatzitako mezuen bidez zein kalean hartutako eta gero artelanetan erabilitako objektuen bidez.

Via dell’Abbondanza, Ponpeia, Italia (I. mendea).
Getty Images. RM Editorial.

Metroaren erabiltzaileak
lanerako bidean, grafitiz betetako tren zikin batean, New Yorken, 1980ko hamarkada.
Getty Images. New York Daily News Archive.

Jean-Michel Basquiat. Bada Garaia.
Museo Guggenheim Bilbao 2015.

Ezagutu itzazu Basquiat-en bizitzaren eta lanaren eragin, pertsona, leku edo objektu nagusiak

 

Argazkiak eta idazkunak

Jean-Michel Basquiaten lan askotan musikari, hitzei eta collageari lotutako erreferentziak aurkitzen ditugu. Pertsonen eta objektuen irudiak pertsonen eta tokien izenekin eta idatzitako hitzekin batera agertzen dira. Hitz horiek askotan zerrendak izaten dira. Idazketa eta irudiak oso garrantzitsuak ziren Basquiatentzat.

Horregatik, erakusketaren 301. aretoan idazketa eta argazkia uztartzen dituen jarduera bat burutzen da. Egunero, 11etatik 14etara, Basquiaten lanak ikustean bisitariek sentitu dutena azaltzen dute eta idatzi egiten dute. Aukeratzen dituzten hitzak euren ezaugarri dira eta, gainera, bakarka edo taldean, argazkiak atera ditzakete, garaiko (laurogeiko hamarkada) Polaroid argazki-kamera bat erabiliz. Amaitzeko, idatzi dutena eta argazkia galerian bertan ikusgai jar ditzakete, edo guztia etxera eraman dezakete Museora egindako bisitaren oroigarri gisa.

Galeria

Jean-Michel Basquiat. Bada Garaia.
Museo Guggenheim Bilbao 2015.

Musikaren garrantzia

Musikak berebiziko garrantzia izan zuen Basquiaten bizitzan eta lanean. Karibeko eta Afrikako arbasoak zituen, eta erritmoekin jolastea haren grinetako bat zen. Batzuetan, musika aipatzen zuen hizkien bidez, lanetan bertan zein izenburuetan; Beethoven eta Heroikoa sinfonia ditugu adibide. 1979an Basquiatek haren musika taldea, Gray, sortu zuen, Michael Holman idazle eta artista diziplinanitzarekin batera. Taldeak ezaugarri zituen industria-moduko zarata eta hotsak. Gray izena Henry Grayk 1950ean argitaratutako anatomia-liburu batetik atera zuen; Basquiatek maiz irakurtzen zuen liburu hori eta hari egindako omenaldia da.

Basquiat bebop jazz inprobisatu eta oso azkarraren zale amorratua zen, eta Charlie Parkerren eta Miles Davisen obrak erreferentzia ziren berarentzat. Charlie Parkerren 1945eko “Now’s the Time” kantak izenburu bera daraman Basquiaten pieza bat inspiratu zuen, Now’s the Time (1985). Izenburu bera aukeratu da Museoko erakusketarako. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako erritmo frenetikoak eta eklektikoak ere interesatzen zitzaizkion, adibidez, hip hop mugimenduaren rap hasiberria. Izan ere, 1983an Beat Bop izenburua zeraman Rammellzee vs K-Rob-en albuma ekoiztu eta azala diseinatu zuen. The Offs taldearen lehen diskoaren karatula ere diseinatu zuen (1984).

Hemen entzun dezakezu Charlie Parkerren Now’s the Time lanaren zati bat.

Erreproduzitu audioa